“Argia mintzo da” erakusketaren azkeneko egunak D´Museoan
D’MUSEOAn, Donostiako Elizbarrutiko Museoa, “Simon Berasaluce. Argia mintzatzen denean” erakusketa ikusgai egongo da abenduaren 15era arte. Bertan, gazte-gaztetatik, Artearekiko jakinmina eta trebetasunak erakutsi zituen Simon Berasaluce (Deba, 1912 – Donostia, 1993) artistaren lan oparoa ikusi ahal izango da.
Bere trebakuntza zein ibilbide artistikoa, bere lanaren zati handi bat, gure mugetatik kanpo (Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan) garatu zituen. Hau guztiaren ondorioz, bere lan-eremuarekin batera, beiratea, euskal giroan ez da artista ezagun eta aintzatetsia izan.
“Erakusketa, Simonen alabaren, Patricia, eskuzabaltasun handiari esker antolatu da, eta bere aitarekiko dagoen ezjakintasuna arintzea du helburu”, adierazi du D’MUSEOAk. “Horretarako, zirriborroak, marrazkiak, diseinuak eta abar erakutsiko dira, diseinu bakoitzaren atzean dagoen lan eta ezagutza itzela ezagutarazteko asmoz. Horrez gain, Simon Berasaluzek garatzen zuen lan-prozesua erakutsi nahi dugu. Hainbat une topa baititzakegu Simon Berasaluceren bizitza artistikoan zehar”.
Haurtzaroa eta gaztaroa
Garai honetan, Simonek marrazkiarekiko interes handia erakutsi zuenez, Sarriako (Bartzelona) Salestarren Arte Sakratuaren Eskola Profesionalera joan zen. Garai hartan, erretratu ugari egin zituen, eta bere marrazkiak, aldizkarietan, liburuetan, jai-egitarauetan, karteletan… azaltzen hasi ziren.
1931n, Henri Mauméjeanek, munduko beirate enpresa garrantzitsuenetako eta ezagunenetako baten jabeak, Simonen marrazkien berri izatean, bere lan-estudioko partaide izatea proposatu zion.
Mauméjean
Simon, lehendabizi, ikasten hasi zen, eta, ondoren, beirateak eta mosaikoak diseinatzeko eta egiteko teknikak lantzen aritu zen. Ibilbide horrek, egoitza ezberdinetan lan egiteko aukera eman zion, Madrilen, Maumejéanek Hendaian zuen egoitza handian, eta azkenik, Parisen.
Frantziako hiriburuan, bere ibilbidean zeresan handia izan zuen proiektuetako bat garatu zuen: Montmartreko Sacre Coeur elizako beirate berrietarako diseinua. Jatorriz frantziarra ez izateagatik, beirateak ezin egin izan arren, proiektu honek Amerikako Estatu Batuetako ateak parez pare irekiko zizkion.
Debako Santa Maria
1948 urtean Gipuzkoara itzuli ondoren, Deban, Anastasio Arrinda, izendatu berria zen Santa Maria parrokoarekin elkartu zen Simon Berasaluce. Bertan, Gipuzkoan egin zuen proiekturik entzutetsuenetariko bat burutu zuen: ikusmolde eta teknika modernoz eginiko Santa Maria Elizako beirateak.
Ameriketako Estatu Batuak
Parisko Sacre Coeur elizarako beirateen proiektuarekin lortutako ospeari esker, Hiemer&Company-aren eskaintza jaso zuen.
D’MUSEOAren hitzetan, elkarte estatubatuarrak, “Europan beirate beruneztatuetan zein zementatuzkoetan emanak ziren berrikuntzak, bere enpresan sartzeko beharrezko ezagutza teknikoak eta gaitasuna dituen pertsona aproposena dela irizten du Simon”.
22 urtez Amerikako Estatu Batuetan lan egin ondoren, 1974. urtean itzuli zen Gipuzkoara. “Pentsa zer nolako arrastoa utzi zuen Simon Berasalucek Hiemer & Company-n, 1980. urtean, berarekin harremanetan jarri ziren enpresaren lanik handiena egiteko asmoz: Massachusettseko Leonminsterko Santa Zezilia Elizako beirateak (120 beirate, gutxi gorabehera. 1.000m2 ).
Etxera bueltan
Simon Berasalucek, Ameriketako Estatu Batuetako lanak, Gipuzkoan egindako lan batzuekin uztartu zituen (Donostiako Belen ikastetxeko kaperako beirateak…).
Ameriketako Estatu Batuak utzi ondoren, Guatemalako eliza baterako ‘Gurutze-bide’ bat diseinatu zuen; ez zen inoiz gauzatu ordea. Bestalde, Kolonbiako Pereira hiriko Carmen elizarako zenbait beirate diseinatu zituen.
Gipuzkoan lanean jardun zuen azken urteetan, beirate ezberdinak diseinatu zituen Irungo Aurrezki Kutxaren bulego batean (1976), etxebizitza batean (1978), Eskibel ikastetxeko kaperan (1980) eta Donosti liburu-dendan (1980).
ERAKUSKETA: Simon Berasaluce. Argia mintzatzen denean
LEKUA: D´MUSEOA. Donostiako Elizbarrutiko Museoa (Abuztuak 31 kalea, 46).
DATA: Abenduaren 15era arte zabalik.
ORDUTEGIA: astelehenetik ostiralera (10:30 – 19:00) / larunbatetan (10:30 – 18:00) eta igande eta jaiegunetan (16:00 – 19:00)
BISITA GIDATUAK: Azaroak 1 (17:00etan) eta azaroak 12an (17:00)
Nahitaezkoa aldez aurretik erreserba egitea INFO@DMUSEOA.COM-en / 617256284
INFORMAZIO GEHIAGO: D´MUSEOA: 617 256 284 / info@dmuseoa.com