Blog

SAN BARTOLOME, APOSTOLUA

SAN BARTOLOME, APOSTOLUA

San Bartolome Apostoluaren jaia VIII. mendean hasi ziren ospatzen frankoen lurraldeetan; IX eta X. mendeetan zehar Erroman ere ospatzen zuten, abuztuaren 24 edo 25an, Bizantzioko Elizak erlikien leku-aldatzea gogoratzen zuen egunean. Pio V.aren egutegian abuztuaren 24a jarri zuten jai hau ospatzeko eguna.

Bartolome –Bar Tholmai, Tholmai-ren semea–, grekoz Bartholomaios, Natanael deneko tradizioa oso zabaldua dago, Mateoren zerrendan Felipe-rekin batera datorrelako. Natanael, berriz, Galileako Kana-ko semea, Jesusen lehenbiziko jarraitzaileetakoa zen, Felipek Jesusengana eramana (ik. Jn 1, 45). Natanael honi buruz Jesusek hau esan zuen: Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea. Eta Natanaelena da honako aitorpen hau: Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.

Non hots egin zuen San Bartolomek Ebanjelioa?

San Bartolomeri buruz ez dakigu liburu apokrifo batzuek diotena baizik: Mendebaldeko Indiara joan zela Ebanjelioa zabaltzera (Eusebiok historialariak dioenez); edota Etiopiara joan zela (Rufinok eta Sokratek diotenez).  Mesopotamia aldean edota Likaonia eta Frigia inguruan –gaur egungo Turkiako ekialdean– zabaldu zuela ere esaten du tradizoak (Feliperen Eginak liburuak), baita Armenian ibili zela ere (Apostoluen Breviarioak liburuak dioenez).

Azken honen arabera, Armeniako errege Polimnio kristau bihurtzea lortu zuen Bartolomek; orduan, haren anaia Astiagek hilarazi egin zuen apostolua: bizirik zela larrutu egin omen zuten eta, gero, hilarazi, burua moztuz edota gurutzean josiz.

VIII. mendean, esan bezala, Armeniatik Lipari uhartera eraman zituzten haren erlikiak. Gerora, X. mendearen bukaeran, 983an, Oton III.ak agindurik, Erromara.

San Bartolomeren hilobia, antzina Esculapius jainko sendatzailearen tenplua egoniko tokian eraiki zuten Erroman. Hori kontuan izanik, San Bartolome gaixoen zaindaritzat hartu zuten.

Sineste honek zerikusi izan zuen Done Jakue bidean, Santiago-bidean. Bide horretan barna, toki askotan eraiki zituzten parroki elizak, ermitak, pelegrinoen babesleku.

Donostiako elizbarrutian, adibidez, honako toki hauetan dugu San Bartolomeri eskainitako eraikinen bat: Amezketan, Bidania-Goiatzen, Donostian San Bartolome gaina, Elgoibarren, Ezkio-Itsason, Ibarran, Ordizian San Bartolome ermita, Zegaman San Bartolome ermita, Zumaia-Oikian.

Whatsapp Únete a la comunidad de InfoEliza para no perderte nada. Tienes dos formas de hacerlo: