Blog

Santa Mónica

Santa Mónica

Santa Monika Tagaste hirian (gaur egun, Algerian) jaio zen 332an familia kristau batean. Patrizio izeneko gizon pagano batekin ezkonarazi zuten gurasoek. Jenio bizi eta zitalekoa zen gizon hura, erromatar legionarioa; Monikak pazientzia handia izan zuen harekin eta, hil baino urte bete lehenago, 371an, bataiatu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Navigio, Agustin, eta alaba bat –gerora, Hiponako monasterioko buru izango zen, eta bertan hilko 424an–.

Ama Monikaren eraginez, Liburu Santuetan ere bilatu zuen jakinduria. Baina, gehienbat, Manes izeneko filosofo ospatsu batek sortutako mugimenduan, manikeismoan, ibili zen jakinduria bila, katekumeno izanik ere, kristau-fedetik urruti samar ibiliz. Horrek nahigabe handia ekarri zion amari. Bere garaiko filosofo eta idazle klasikoak izan zituen maisu eta gidari: Platon, Zizeron… Horrela, bera maisu izatera iritsi zen, Milanon batez ere, erretorika-katedra eskuraturik.

Monika asko saiatu zen semea federa erakartzen, etengabe otoitz eginez, malko asko isuriz eta semeari toki askotara jarraituz. Milanoko apezpikua San Anbrosio zen garai hartan. Haren homiliak oso famatuak ziren. Ekialdetik ere etortzen zitzaizkion entzuleak. San Anbrosioren jakinduriak, hizkera ederrak ukitu egin zuen Agustinen barrua. Eta, horrela, kristautasunean eta Liburu Santuetan aurkitu zuen berak nahi zuen jakinduria.

387ko apirilaren 24 eta 25 arteko gauean, pazko-gauean, bataioa hartu zuen San Anbrosioren eskutik. Semea kristautzen ikusteko poza izan zuen Monikak. Afrikara itzultzeko erabakia hartu zutelarik, Ostia hirian itsas bidaiari ekiteko zain zegoela, hil zen 387an. Ostian bertan ehortzi zuten.

 

Egilea: Jesus Maria Arrieta

Whatsapp Únete a la comunidad de InfoEliza para no perderte nada. Tienes dos formas de hacerlo: