San Agustin, gotzaina eta eliz irakaslea. Tuterako elizbarrutiko Zaindaria
San Agustin Tagaste hirian (Numidian, gaur egun, Souk Aharas, Algerian) jaio zen 354ko azaroaren 13an. Kultura klasikoa ikasi zuen Medauran. Platonen eta Zizeron-en obrak irakurtzean, jakinduria irrikatzen ikasi zuen. Liburu Santuak traketsak eta kulturarik gabeak iruditzen zitzaion orduan. 371an Kartagora jo zuen; han manikeismoa onartu zuen, aspaldiko gnostizismotik zetorren mugimendua. Dualismoa giltzarri harturik, hau zioen: gaizto ziren gauzek gorputza zutela kokagune; on zirenek, aldiz, espiritua. Hala ere, manikeismoan nabaritu zuen anarkia moral eta intelektuala ikusirik, eszeptizismoan erori zen. Erromara jo zuen handik –amaren isilean, harekin batera joan nahi baitzuen amak– eta, han gaixoaldi larria igaro ondoren, Milanora 384an, han lortu zuen erretorika-katedraz jabetzera. Ama Monika bertaraino etorri zitzaion, kristau-fedea onar zezan nolabait bultzatzera. Milanon, bertako apezpiku zen San Anbrosioren hitzaldiak entzun zituen. Liburu Santuei buruz egiten zituen azalpen alegorikoak entzutean liluratua gelditu zen. Hogeita
hamabi urte zuela, ametsetan haur-kanta bat entzun omen zuen: Tolle, lege (hartu, irakurri). Orduan, Liburu Santuak irekirik, San Pauloren gutun-zati hau aurkitu zuen: Gabiltzan duintasunez, egun-argiz bezala: ez jan-edanean eta hordikerietan, ez lizunkeria eta neurrigabekerian, ez haserre eta norgehiagokerian (Erm 13, 13).
Hau guztia amari jakinarazi ondoren, kristau-fedea onartu zuen. Eta 387ko apirilaren 24 eta 25 arteko pazko-gauan San Anbrosiok bataiatu zuen. Handik aurrera, asko idatzi zuen manikeoen aurka, kristau-fedea defendituz. Urte hartan bertan, ama Monika Ostia hirian gaixotu eta hil ondoren, Afrikara itzuli zen, bere seme Adeodato berekin zeramala. Ordurako, seme horren ama, Agustinen neska-lagun izana, utzia zuen, Monikak eskatu bezala.
391an Hiponan apaiz ordenatu zuten, kristau-elkarteko kideek eskaturik. Hori nahi zuen Valerio apezpikuak. Lau urte geroago, 395ean, apezpiku ordenatu zuten eta 396an Hiponako apezpiku izendatu, Valerioren ondoren.
Oso garrantzitsuak dira Agustinen hitzaldiak, idazkiak eta gutunak Mendebaldeko Teologiaren eta kristau-kulturaren oinarriak zein diren jakiteko eta geroztiko Teologiaren edukia ulertzeko. Obra oso garrantzitsuak idatzi zituen: Aitorpenak (398an), Katekumenoentzat Katekesia (400ean), Kristau Doktrina (427an), Jainkoaren hiria (410ean, Alariko bandaloak Erroma hartu zuen urtean), De Trinitate (Hirutasun Santuaz, 412 eta 427 bitartean). Guztira, ehun eta hamahiru liburu eta berrehun eta hemezortzi gutun idatzi zituen.
430eko abuztuaren 28an, bandalo arriotarrak Hipona hiria inguratzen ari zirelarik, hil zen San Agustin handia
Egilea: Jesus Maria Arrieta
Únete a la comunidad de InfoEliza para no perderte nada. Tienes dos formas de hacerlo:
- Clicando directamente aquí: Unirme al chat de WhatsApp
- Enviando un WhatsApp con la palabra ALTA al 689 105 191