Garizuma, beste behin (II)
Anaia eta arreba maiteok:
Bai, Garizuma, beste behin. Berriz ere, Jauna bila datorkigu eta Beragana itzultzeko denbora oparitzen digu. Kontua ez da, besterik gabe, egutegiko data bat errepikatzea, baizik eta Jainkoak, bere pazientziaz eta samurtasunez, berriro ere gure izenez deitzea, bihotza ireki eta berriro hasteko gonbidatzea eta Bere grazia eskaintzea. Garizuma geure buruarengandik ihes egiteari utzi, gure bekatuak, erresistentziak eta zauriak xumeki ezagutu, aitzakiarik, mozorrorik eta beldurrik gabe Berarengana itzuli, garen bezala Jaunarengana itzuli eta bere errukiarengatik besarkatzen utzi dezakegun denbora soil eta egiazkoa da. Bera ez da inoiz nekatzen ez gure zain egoteaz ez barkatzeaz.
Garizumako mezu honen lehen emanaldian esan nizuen bezala, ohiko garizumako praktikek lagundu egiten digute. Gaur, beste behin, maitasunez eta ekitez, urtero bezala, Garizuma honetan Penitentziaren sakramentua berraurkitzera gonbidatu nahi zaituztet. Ez betebehar hotz gisa, ez iraganeko praktika gisa, baizik eta graziazko topaketa gisa; ez pisu erantsi gisa, baizik eta ate ireki gisa; barkamenaren eta errukiaren esperientzia gisa. Hala gogorarazten zigun Frantzisko aita santuak; eta halaxe gogorarazi digu Leon XIV.a aita santuak ere azken angelusean, «eskuzabaltasunez» praktikatzera gonbidatuz, izan ere, «gure mugez kontziente egiten gaituen aldi berean, haiek gainditzeko indarra ematen digu, Jainkoaren laguntzaz, Berarekin eta gure artean gero eta komunio biziagoa bizitzeko».
Gero eta gehiago dira sakramentuaren ohiko praktikaren garrantzia berraurkitzen dutenak, baina egia da askori oraindik kosta egiten zaiela aitortzea. Badakigu. Kostatzen da ahalkez, ohitura galtzeagatik, aspaldiko zauriengatik eta agian iraganeko praktika txarrengatik, nola egin ondo ez jakiteagatik edo, besterik gabe, lotsagatik. Eta, hala ere, hain zuzen ere hor utzi zigun Frantzisko aita santuak hitz oso argitsu bat: «Jainkoaren aurrean lotsatzea grazia bat da». Lotsa horrek ez gaitu Jaunagandik urruntzen; ondo bizita, Beragana hurbiltzen gaitu. Ez da umiliazio antzua, bihotzaren egia baizik. Norbere burua zuritzeari utzi eta azkenean Aitaren eskuetan jartzen den seme/alabaren lotsa ona da.
Ez diezaiogun beldurrik izan egia horri. Sakramentura zintzotasunez hurreratzen zarenean, ez duzu ate danbada bat aurkitzen, besarkada bat baizik; ez duzu gaitzespenik aurkitzen, errukia baizik; ez zara zapalduta ateratzen, arinduta baizik. Jainkoa zain daukagu sakramentu horretan, barrutik jaikitzeko, bakea itzultzeko eta salbazioaren poza guregan berregiteko. Aitortzak ez gaitu txikitzen: egiara itzularazten gaitu, eta egiarekin askatasuna ere itzultzen da.
Guztiok gonbidatzen zaituztet sakramentu honen edertasun konkretua berraurkitzera. Elizak proposatzen digu, ohiko moduan, bekatuen aitorpen pertsonal eta osoa, eta gero bakarkako absoluzioa. Errituaren ezohiko formak ez dira, gaur-gaurkoz, gure egoeran justifikatzen. Aitortza ez da formalismo hutsa, Jainkoa bakoitzaren bidera adeitasunez ateratzearen adierazpena baizik. Jaunak ez du blokean barkatzen, jendetza anonimo bat bagina bezala. Pertsonalki begiratzen gaitu, pertsonalki entzuten gaitu, pertsonalki sendatzen gaitu. Horregatik da hain garrantzitsua, bakez eta konbentzimenduz, aitorpen pertsonal, apal, zehatz eta zintzoaren ohitura berreskuratzea. Horretan ere Frantzisko aita santuak asko azpimarratu zuen: ez aitorpen lausoak, baizik eta zehatzak, sinpleak eta «egiatan», norberaren miseriak ezkutatu gabe.
Aldi berean, sakramentuaren ospakizuna ondo zaintzea komeni da gure parrokia eta elkarteetan. Penitentziaren elkarteko ospakizunek balio handia dute, batez ere Garizuman, Hitza entzuten laguntzen digutelako, geure burua aztertzen, Jainkoaren errukia elkarrekin eskatzen eta adiskidetzearen eliz dimentsioaz jabetzen. Baina Elizak eskatzen digunez eta nire aurrekoek hainbestetan gogoratu dutenez, ospakizun hauek aitortza eta penitentzigile bakoitzaren absoluzioa ekarri behar dute. Horrela, sakramentuaren egia sakona gordetzen da eta fededun bakoitzari hobeto laguntzen zaio bere bihotz-berritze bidean.
Nire senide apaizei ere anaitasunezko hitz bat zuzendu nahi nieke. Oso ministerio ederra daukagu hemen. Kristoren bihotzaren isla izan behar dugu aitorlekuan: abegitsuak, jasankorrak, zuhurrak, apalak, entzuteko eta itxaropena ereiteko gai. Frantzisko aita santuak behin baino gehiagotan esan zuen, eta ederki esan ere, apaizak ez dituela fededunak behin ere gaizki tratatu behar, baizik eta otzantasunez eta errukiz hartu, konfesatzera hurbiltzen denak barkamena eta sendabidea nahi dituela jakinik. Hori da gure estiloa. Hori da gure erantzukizuna. Gainera, Jainkoaren herriaren eskubidea da. Eskuzabaltasunez, pazientziaz eta Elizarekiko fideltasunez eskain diezaiegun zerbitzu hau gure anai-arrebei. Koordinatu gaitezen ondo, apaiz batzuek penitentzia ospakizunetan lagundu ahal izan dezaten eta parrokia, tenplu eta santutegietan konfesio denbora erreal eta eskuragarriak lor ditzagun, orain Garizuman eta baita urte osoan zehar ere. Zaindu dezagun momentua, erritoaren duintasuna eta harrera pertsonala. Nire aurrekoek, duela zenbait hamarkadatatik hona, behin eta berriz aipatu dute hori guztia. Neuk ere gogoraraziko dizuet, berriro ere aintzat har dezagun.
Elizbarrutiko kide maiteok: Garizuma honetan eskatzen dizuet, normalean egiten ez duzuenoi, eman dezazuela urrats hau. Ez dezazuela gerorako utzi. Konfiantzaz hurbildu zaitezte adiskidetze pertsonalera. Beharbada denbora daramazue konfesatu gabe. Ez dio axola. Hasi. Agian, zaila egiten zaizue hitzak aurkitzea. Ez dio axola. Aski da zintzotasuna. Agian lotsa sentitzen duzue. Ez dio axola. Jainkoaren aurrean jarritako lotsa horretan, hain zuzen ere, barkamena eta errukia aurkitzearen benetako pozaren aurretiko apaltasunaren grazia ematen zaigu.
Itzul gaitezen Jaunarengana. Utz diezaiogun barkatzen eta adiskidetzen. Eta egin dezagun bere errukia gure bekatua baino handiagoa, gure erresistentziak baino pazienteagoa eta gure distantziak baino fidelagoa delako esperientzia.
Nire maitasun eta bedeinkapenarekin.
In Corde Matris,
+ Fernando Prado Ayuso
Donostiako Gotzaina
- Mensaje del obispo D. Fernando a la diócesis: Garizuma, beste behin (I) Deskargatu, Garizuma beste behin (II), Deskargatu
Bat egin InfoEliza-rekin albiste guztien berri izan dezazun. Bi bide dituzu:
- Hemen klik eginez: WhatsApp txat-ean sartu
- WhatsApp mezu bat bidali NAHI DUT testua idatziz 689 105 191 zenbakira