Formazioa bataiatu guztien bidearen parte da: fedean haztea, Jesukristoren jarraipenean sakontzea Eliza sena zainduz, Espirituari adi bereizten ikastea eta Ebanjelioa eguneroko bizitzako egoera zehatzetan bizitzea.

Horregatik, formazioa Jainkoaren Herri osoaren ardura da. Elizbarrutiari eta kristau-komunitateei dagokie formazio-prozesuak eskaintzea eta laguntzea; baina fededun bakoitzak ere bere fedea bizitza osoan zaintzeko eta elikatzeko erantzukizuna du.

Formazioak integrala eta etengabea izan behar du, kristau-bizitzaren alderdi guztiak kontuan hartuz. Pastoral ardurak, elkarteen zerbitzurako diren erantzukizunak edota ministerio bat hartzen dutenentzat, ordea, formazioak espezifikoagoa izan behar du.

Bestetik, formazioa parrokien, komunitateen, ordezkaritzen eta Elizbarrutiko gainerako errealitateen bizitza osoa hartzen duenez, zeharkako zeregina da. Formatzea elkarrekin haztea da, fedea sakonago bizitzeko, komunioa sendotzeko eta misiolari izateko.

1. GUZTIENTZAKO FORMAZIOA

Asteazken Teologikoak

Formazio intelektuala kristau-bizitzan haztearen parte da. Ez du ezagutzak pilatzea edo jakin-min amaigabea asetzea helburu, baizik eta fedea hobeto ulertzea, sakonago pentsatzen ikastea eta gure garaiko galderekin elkarrizketatzeko gai den begirada kritikoa garatzea. Fedeak heldu ahala, hizkuntza zehatzagoa ere behar du sinesten duguna adierazteko, bereizmena hobeto egiteko eta gure itxaropenaren arrazoia emateko.

Asteazken Teologikoak duela hogei urte baino gehiago sortu ziren Pio XII Erlijio Zientzien Goi Institutuan, fedean sakondu nahi duen edonorentzat irekitako proposamen gisa. Hizkera ulergarria eta dinamika parte-hartzailea erabiliz, lauhilabete batean gai teologiko interesgarri baten inguruko ikastaroa eskaintzen da asteazkenero.

Ricardo Alberdi Aste Soziala

Ricardo Alberdi Aste Sozialak fedearen gizarte-dimentsioa zaindu nahi du, gaur egungo gaiei buruzko hausnarketa eta elkarrizketa anitzerako gunea eskainiz, Ebanjelioaren eta Elizaren Gizarte Doktrinaren argitan.

Ricardo Alberdi (1919-1982), Irungo apaiza eta Donostiako Seminarioko irakaslea, gizarte-gaietan aditua izan zen. Bere irakaskuntza, pentsamendu eta pastoral jardueraren zati handi bat gizarte bidezkoago baten eraikuntzan erantzukizunez parte hartzeko gai ziren kristauen formazioari eskaini zien. Bere pentsamenduak eta formazio lanak eragin handia izan dute Gipuzkoako gizarte eta eliz esparruan.

Berrogeita hamar urte baino gehiago daramatza Ricardo Alberdi Astea Sozialak kezka hori bizirik mantentzen: gizarte errealitatea fedetik begirada kritikoz irakurtzen eta harekiko kristau konpromisoa sustatzen.

Hurrengo edizioa: 2026ko azaroaren 25etik 27ra

Elizbarrutiko Udako Ikastaroa

Udak beste erritmo batean formatzeko aukera ere eskaintzen du. Elizbarrutiko Udako Ikastaroak hainbat egun eskaintzen ditu, lasai eta modu ulergarrian, kristau-bizitza aberasten lagun dezakeen egile, gai edo esperientzia batean sakontzeko.

Azken ikastaroa: San Joan Gurutzekoa ezagutzen, J. L. Guerricagoitia OCDk emana.

2. MISIORAKO FORMAZIOA

Katekisten tailerra

Katekisten Tailerra zonaka antolatutako topaketa, otoitz eta formazio-gunea da. Kristau sarbideko prozesuetan laguntzen duten pertsonei zuzenduta dago, laguntzen dituztenen adina edozein dela ere.

Haur eta Nerabeen Katekesirako Ordezkaritzaren, Helduen Kristau Sarbiderako Ordezkaritzaren eta Elizbarrutiko Formaziorako Ordezkaritzaren arteko lankidetzak sortu du proiektu hau, kristau sarbideak gure elkarteetako bizitzan duen garrantziaz jabetuta.

Katekisten Tailerrak hiru helburu nagusi ditu: katekistaren misioan eta bokazioan elkarrekin haztea, harremanak eta loturak berreraikitzea, eta zonetako lidergoak ezagutu eta sustatzea.

Boluntariotza misiolari-solidarioko ikastaroa

Ad gentes misioa Kristo oraindik ezagutzen ez duten edo Elizak presentzia txikia duen herri eta inguruneetan Ebanjelioa iragartzea da. Iragarpen hori pertsonen eta herrien zerbitzuarekin lotuta dago, bereziki behartsuenen zerbitzuarekin, baita haien giza eta gizarte garapen integralaren sustapenarekin ere. Dimentsio misiolari hori bizirik mantentzeak kristau elkarteei begirada zabaltzen laguntzen die, bere misioarekiko erantzukidetasuna hazten.

Ikastaroa ad gentes misioan interesa duten laiko, erlijioso edota apaizei zuzendutako formazio eta hausnarketa gunea da. Bost saio ditu, errealitate misiolariak gertutik ezagutzen dituzten pertsonek gidatuak, dinamika parte-hartzaile baten bidez.

Arduratuz programa

Adingabeen eta pertsona zaurgarrien babesa pertsona bakoitzaren duintasunarekin eta zaintzarekin Elizak duen konpromisoaren parte da. Ezinbesteko baldintza da gure komunitateak gune seguru, harrera onekoak eta arduratsuak izan daitezen.

Arduratuz adingabeen eta pertsona zaurgarrien babeserako Elizbarrutiko programa da. Ikastaroa Adingabeen Babeserako Elizbarrutiko Bulegoak, Familia Orientaziorako Zentroarekin (COF) koordinatuta prestatua izan da. Abusuen prebentziorako formazioa eskaintzen du, arrisku-egoerak antzemateko eta halakoen aurrean nola jokatu jakiteko behar diren tresnak eskainiz.

Ikastaroa amaitzean ziurtagiri bat jasoko da eta nahitaezkoa da apaizentzat, pastoral eragileentzat, hezkuntza-eragileentzat eta Caritaseko langileentzat, besteak beste.

Hurrengo edizioak: 2026ko urriaren 24an (euskaraz eta gaztelaniaz) eta 2027ko ekainaren 19an (gaztelaniaz).

Kontaktua

Gotzain ordezkaria: Pedro Luis Uranga Urteaga
E-mail: formazioa@elizagipuzkoa.org
Heriz Pasealekua, 82 (Seminarioa)
20008 Donostia

Albisteak